Pagadi kaltzikolak dira nagusi, ibaiertzeko baso eder eta joriarekin bat. Oso nabarmena da zuhaitz, zuhaixka eta flora aniztasuna; eremu txiki batean, espezie hauek aurkitzeko aukera izanen dugu, besteak beste: ezkiak, haritzak, gurbeak, astigarrak, pagoak, lizarrak, zumarrak, lertxunak, sahatsak, hurritzak, elorri zuriak, ezpelak eta ipuruak.

Fauna
Azpimarratzekoa da harkaitzetako hegaztien komunitatea; erraza da sai arreak, sai zuriak, zapelatzak, belatzak, belatxingak eta haitzenarak ikustea. Paseriformeak dira nagusi, hala nola ur-zozoak, kaskabeltzak, amilotxak eta txontak. Ugaztunak ere aurkituko ditugu, hala nola basakatua, lepazuria, azkonarra edo basurdea.

Giza aztarna
Iturburuaren goiko aldean, historiaurreko aztarna megalitikoak daude, esaterako, Bakedaoko Puerto Viejo trikuharria eta Zurgaingo tumulua. Ibaiaren ibilguak (Ameskoaren parean) bi irin-errota (Zudairi eta Artatza), bi ibai-burdinola (Bakedao) eta arma fabrika bat (Bakedao) funtzionatzea eragin zuen. Gaur egun, iturburuko urak zentral hidroelektriko bat elikatzen du (Zudairi). Ezkerreko aldean, Erdoitza herria zegoen; XIV. mendetik ez da inor ere bizi bertan.





