--------------------------------------------------------------------------------
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak
230/1998 FORU DEKRETUA, uztailaren 6koa, Nafarroako Natur Erreserbak Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaileak onesten dituena.
--------------------------------------------------------------------------------
Apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legeak, lurraldea babestu eta erabiltzeko Eskualdeko Hirigintza Arauei buruzkoak, bere Lehen Xedapen Gehigarriaren bidez, Nafarroan hogeita hemezortzi gune Natur Erreserba deklaratu zituen.
Gune bat Natur Erreserba deklaratzeak berekin dakar Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gune hori Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaile bat egin beharra. Plan horretan sartzen dira delako gunearen balio naturalen deskribapena, aplikatu behar zaion berariazko arautegia eta, orobat, gunearen barnean izan daitezkeen jardueren erregulazioa eta hura kontserbatu, kudeatu, mantendu eta zaintzeko behar diren administrazio jarduketak.
Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeak 11. artikuluan Natur Erreserben araubide berariazkoa biltzen du. Era berean, 19. artikuluak dioenez, Natur Erreserbak nola erabili eta kudeatu, bakoitzaren Plan Zuzentzailean xedatzen denaren arabera eginen da. Plan horiek, Foru Lege honen zehaztapenei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak onetsiko ditu, Foru Dekretu bidez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Ingurugiro Kontseiluak txostena egin ondotik. Azkenik, Lege horrexen 20 artikuluan finkatzen da Erabilpen eta Kudeaketarako Planen edukia eta indarraldia.
Orain arte, Natur Erreserben kudeaketan honako hauek aplikatu izan dira: 138/1991 Foru Dekretua, apirilaren 11koa, Nafarroako Natur Erreserbak Erabili eta Kudeatzeko Plangintzen arautegi orokorra onetsi zuena; 164/1991 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa, Natur Erreserbak diren Arquillo eta Barbaraces (NE-28), Lobera eta Sotillo (NE-29), Gil eta Ramal Hondo (NE-30), El Ramalete (NE-32), La Remonta (NE-33), El Quebrado, El Ramillo eta La Mejana (NE-38) izeneko Ibarbasoak Erabili eta Kudeatzeko Plangintzen Arautegi berariazkoa onetsi zuena; eta 151/1991 Foru Dekretua, apirilaren 18koa, Natur Erreserbak diren Itsusi (NE-2), Iñarbeko Arroila (NE-9), Txintxurreneko Arroila (NE-10), Gaztelu (NE-11), Arbaiungo Arroila (NE-16), Benasako Arroila (NE-17), Burgiko Arroila (NE-18), La Piedra eta San Adriango Amildegiak (NE-24), Irunberriko Arroila (NE-25) eta Kaparreta (NE-26) Erabili eta Kudeatzeko Plangintzen Arautegi berariazkoa onetsi zuena. Foru Dekretu horien indarraldia mugatua denez berritu behar dira. Ondoko hauek, ordea, indarraldi mugagabekoak direnez ez dago zertan berritu: 209/1993 Foru Dekretua, uztailaren 5ekoa, Larrako Natur Erreserba (NE-12) Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzailea onetsi zuena eta 301/1996 Foru Dekretua, irailaren 2koa, Pitillasko Aintzirako Natur Erreserba (NE-27) Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzailea onetsi zuena. Dena den, Larrako Natur Erreserba (NE-12) Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzailean zenbait aldaketa egin beharra dago Nafarroako Naturguneei buruzko 9/1996 Foru Legeari egokitzeko, hori Erabilpen eta kudeaketarako planaren ondorioz onetsi baitzen.
Oraingo Foru Dekretu honek 6/1996 Foru Legearen babesean deklaratutako Natur Erreserbak, Pitillasko Aintzirako Natur Erreserba (NE-27) izan ezik, Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaileak garatzen ditu. Bertan ezartzen dira alde batetik Arautegi orokor bat (1. eranskina) nahitaez bete beharrekoa, garrantzi handienekotzat jotzen dena Natur Erreserbak kontserbatzeko helburuak lortzeko paisaje, ingurune fisiko, ingurune biotiko eta baliabide berriztagarrien gaineko ekintzei eta kirol, josteta, merkataritza, irakaskuntza edo zientziaren arloko jarduerei dagokienez, eta beste aldetik berezko Arautegi bana (2. eranskina) Natur Erreserbentzat, bakoitzaren ezaugarri ekologikoak kontuan hartuta.
Horrenbestez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko uztailaren seiko bilkuran hartutako Erabakiari jarraikiz,
DEKRETATU DUT:
1. artikulua. 1. Lurraldea babestu eta erabiltzeko Eskualdeko Hirigintza Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legeak deklaratutako Nafarroako Natur Erreserbak Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaileak onestea.
2. Natur Erreserbak Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaileen edukia Foru Dekretu honen eranskinean agertzen da.
3. Erabilpen eta Kudeaketarako Plan Zuzentzaile horiek kontuan hartuko dituzte iraupen eta kudeaketa planak, Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 22.3 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.
2. artikulua. Erabilpen eta Kudeaketarako Plan Zuzentzaile horien indarraldia mugagabea izanen da, eta berrikusi beharko da Nafarroako Aniztasun Biologikoaren iraupen eta erabilpen orekaturako Estrategiarekin bat, eta hala eskatzen duten inguruabar berriak agertzen diren aldiro, Natur Erreserbak ahalik eta hobekien kontserbatzeko. Nolanahi ere, lau urtetik behin Plan horiek berrikusi beharko dira.
3. artikulua. Erabilpen eta Kudeaketarako Plan Zuzentzaile horiek garatu eta aplikatzeko behar diren jarduketak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak burutuko ditu.
Plan Zuzentzaileak aplikatu eta betearazteko behar diren gastuen eta inbertsioen finantzazioa Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko aurrekontuaren urteko kontusail arrunten kargura izanen da.
AZKEN XEDAPENA
Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko uztailaren seian.-Nafarroako Gobernuko lehendakariordea, Rafael Gurrea Induráin.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Yolanda Barcina Angulo.
I. ERANSKINA
Natur Erreserbak erabili eta kudeatzeko arautegi orokorra
1.-Paisajean eraginik duten ekintzak.
1.1. Debekaturik daude, paisajea aldatu, ikus-eremua mugatu, ingurunearen berezko harmonia desitxuratu edo hausten duten nolanahiko ekintza edo instalazioak.
1.2. Debekaturik dago edozein publizitate, iragarki edo antzekorik paratzea. Gaur egun bertan dagoena kendu eginen da edo babesturiko eremutik eta haren ikuspegitik kanpora eramanen.
1.3. Debekaturik dago, prozedura nolanahikoa bada ere, harrietan, zuhaitzetan edo naturguruneko beste edozein osagaitan inskripzio, seinale, zeinu edo marrazkirik egitea.
1.4. Ibilaldi ekologikoak egiteko bereziki prestatzen diren bidaxka edo bideetan, argibide taulak, zutolak eta seinale adierazgarriak paratuko dira.
1.5. Debekaturik dago hesi berririk paratzea, salbuespen gisa, Natur Erreserba zaintzeko arrazoiengatik, aldi baterako baimentzen direnak salbu. Babesturiko eremuan edota ingurune hurbilean dagoeneko daudenak kendu, beste norabait eraman edota aldatu egin beharko dira, basa faunaren berezko joan etorriak galarazten baldin badituzte.
2.-Ingurune fisikoan eraginik duten ekintzak.
2.1. Debekaturik daude honelako ekintzak edo hutsegiteak: geomorfologia aldatu edo desitxuratzen dutenak, zuzenean edo zeharka higadura areagotu edo lurzoruaren kalitatea hondatzen eta azpizoruko barrunbeen edo haiei loturiko faunaren berezko oreka aldatzen dutenak.
2.2. Debekaturik dago erabili eta botatzeko diren gauzak edo materialak eskutik uztea eta hondakinak, zaborrak, isurkiak sortu edo kutsadura dakarren edozein ekintza edo hutsegite egitea.
2.3. Debekaturik daude, lur azpi edo lur azaleko uren zirkulazio erregimena edo berezko osaera, edota haiei loturik osagai biotikoak, zuzenean edo zeharka kaltetzen dituzten nolanahiko jarduerak.
2.4. Debekaturik dago airearen edo naturgunearen kalitatea kaltetu dezaketen gas, ke edo zatikiak atera eta erradiazioa eragiten dituzten jarduera guztiak.
2.5. Debekaturik dago faunaren ohiko portaera aldarazi dezaketen ozentasun handiko hotsak, ultrasoinuak edo zaratak sortzen dituzten megafonoak edo beste edozein baliabide edo tresna erabiltzea.
2.6. Debekaturik dago argi edota diztirarik egitea, zientzi, segurtasun, zaintze, salbamendu edo halabeharrezko arrazoiengatik ez bada.
3.-Flora eta faunan eraginik duten ekintzak.
3.1. Debekaturik daude landare-komunitateak, landareak, haziak edo hedakaiak aldatu, desegin edo kaltetzen duten nolanahiko jarduerak.
3.2. Debekaturik dago faunaren atzetik ibiltzea, animaliak harrapatu, tratu txarrak eman, zirikatu edo kalte egiten dieten jarduera guztiak.
3.3. Debekaturik dago naturgunea arrotza zaion animali edo landare-espezierik sartzea. Orokorki debekatu egiten da hezituriko animaliak sartu edo bertan izatea. Horren salbuespenak dira, ehiza-zakurrak eta artzain zakurrak, eta kasu horietan Natur Erreserba bakoitza Erabili eta Kudeatzeko Plangintzetako arautegi berariazkoa hartuko da kontuan.
3.4. Debekaturik dago harri, mineral, fosil, landare edo animalirik edo ekosistemetako edozein hondakin, puska, egitura edo antolamendu biologikoaren nolanahiko zeinu dena, helburu jakinik gabe biltzea. Helburu bati begira hautaturiko laginen bilketa egiteko baimena ematen ahal da, baldin eta Natur Erreserba zaintzeko xedea eragozten ez badu. Baimena jaso ahal izateko, behar den eskabidea aurkeztuko da, eta bertan behar bezala arrazoituriko lagin bilketarako programa zehaztuko.
4.-Ehiza, arrantza, abeltzaintza, nekazaritza eta oihan-probetxamenduak modu berezian arautuko dira Natur Erreserba bakoitza Erabili eta Kudeatzeko Plangintzetako Arautegi berariazkoan, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baimena eman ondotik.
5.-Kirol eta josteta jarduerak.
5.1. Debekaturik dago bakarka edo taldean akanpatzea eta antolaturik dagoen kirol jarduera edo lehiarik burutzea.
5.2. Debekaturik daude herriz-herriko salerosketa jarduerak.
5.3. Argazkigintza, zine eta bideo jardueretarako baimena ematen ahal da, baldin eta delako jarduerak ez badu Natur Erreserba zaintzeko helbururik oztopatzen. Baimena jaso ahal izateko, behar den eskabidea aurkeztuko da, eta bertan, garatu gogo den jardueraren Programa zehaztuko, behar bezala arrazoiturik.
5.4. Natur Erreserbaren gainean hegan ibiltzea kirol motako aireontziekin eta ultrarinekin edo beste hegagailu batzuekin, 500 metro baino gutxiagoko garaieran.
6.-Irakaskuntzako jarduerak.
Ingurugiroari buruzko heziketarekin zerikusia duten irakaskuntzako jarduerek Natur Erreserbetan burutzeko baimena jasotzen ahal dute, baldin eta delako jarduerak ez badu Natur Erreserba zaintzeko helbururik oztopatzen. Baimena jaso ahal izateko, behar den eskabidea aurkeztuko da, eta bertan, behar bezala arrazoituriko irakaskuntz programa zehaztuko.
7.-Zientzi jarduerak.
Zientzi edo ikerketa jarduerek baimena jasotzen ahal dute, baldin eta delako jarduerak ez badu Natur Erreserba zaintzeko helbururik oztopatzen. Baimena jaso ahal izateko, behar den eskabidea aurkeztuko da, eta bertan, behar bezala arrazoituriko ikerketa programa zehaztuko. Baimena erdiesteko, behar bezala arrazoitutako ikerketa- programan oinarritu eskaera aurkeztu beharko da.
8.-Ekosistemen erabilera.
Ohiz kanpoko desoreka jasaten ari den Natur Erreserba bateko ekosistemen edo horiek osatzen dituzten osagaietakoren baten egitura eta eginkizun orekatua berregin, zaindu edo mantentzea beharrezkoa denean, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baimena ematen ahal du edozein jarduera burutu dadin, baldin eta natur orekak berriz ezartzeko eta Natur Erreserba zaintzeko helburuak lortzeko lagungarri baldin bada.
9.-Jarduera eta erabilpenen araubidea, inguruko babes- eremuan.
Natur Erreserben inguruko babes-eremua Nafarroako Naturgunei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen eranskinean zehaztua dago.
Inguruko babes-eremu horien barnean jarduera eta erabilpenak erregulatuko dituen araubide juridikoa aipatu Foru Legearen 18. artikuluaren 3 eta 4. zenbakian finkatu zen.
Plangintza ekonomikoa
Eragin ekonomikoa duten Erabilpen eta Kudeaketarako Plan Zuzentzaileen arautegian bildu aurreikuspen guztiak bete aurretik horiek ekar ditzaketen ondorio ekonomikoak aztertu beharko dira. Alde horretatik kontuan hartu beharko dira onetsitako arautegiaren ondoren geldiarazten diren irabazpideen gaineko balorazioak ez ezik baita horiek abian jartzeko behar diren aurreikuspen ekonomikoak ere.
II. ERANSKINA
Natur Erreserbak erabili eta kudeatzeko berezko arautegia:
UREDERRA IBAIAREN ITURBURUA (NE-14).
Deskribapena
Urederraren Iturburua urak modelaturiko zirku bat da, Urbasa mendiko hegoaldeko gailurraren hegoaldeko hegalean kokatua. Mendiko alderdi aparta honen geomorfologia berezi-berezia da eta paisajea berriz hagitz ederra, ekosistema diferentekoak eta ongi iraun dutenak.
Kararriek eta dolomia paleozenoek erlaiz airosoak eratzen dituzte, Goi Kretazeoko margazko material iragazkaitzen gainean. Ukipen litologikoan aurkitzen da Urbasako akuifero gatibu zabaleko ur-sorburu garrantzitsuenetako bat. Urak eragindako goranzkako higadurak modelatu du paraje geologiko ospetsu hori, non kokatu baita Natur Erreserba.
Babestutako gunearen barnean botanika eta faunaren arloan biodibertsitate handia dago amilburuan, haren hartxingadi eta malda basotsuetan, ur-sorburu eta uharren aldean barrena sortzen diren ingurune ekologiko aberatsen ondorioz.
Zuhaitzen aniztasuna agerian gelditzen da udazkena aldera, hostoen kontraste kromatikoak bide ematen baitu eremu txiki batean hainbat zuhaitz mota identifikatzeko, espezie garrantzitsuenak honako hauek: ezkia, haritza, gurbea, astigarra, pagoa, lizarra, zumar hostozabala, makala, sahatsa, hurritza, elorria, hagina, ezpela eta ipurua. Zuhaixken eta belarren flora arrunt bariatua da eta interesgarria botanikaren ikuspuntutik, landare bitxiak ageri direlako, adibidez Lathraea squamaria bizkarkoia. Eremu horretan landare komunitate hedatuena pagadia da, karezale eta xerofilo motakoak barne. Horiek Kantauri aldeko mendi lurzoruan banatuta daude eta Epipactido helleborines-Fagetum izena dute.
Natur Erreserbako fauna haragijaleen artean, besteak beste, lepazuria (Martes foina) eta basakatua (Felis sylvestris) agertzen dira espezie berezienen artean, baita azkonarra eta basurdea ere. Harkaitzetan bere habia egiten du sai zuriak (Neophron percnopterus) eta basoan gabiraiak (Accipiter nissus). Ur-zozoak ur lasterrak eta bazter goroldiotsuak arakatzen ditu zomorro bila. Paseriformeak ugari dira basoan, esate baterako, pinu- kaskabeltza (Parus ater), amilotx mottoduna (Parus cristatus), kaskabeltz handia (Parus major) eta amilotx urdina (Parus caeruleus).
Erabilpen eta kudeaketarako plana
Ehiza jarduerak ehiza barruti bakoitzari dagokion Ehiza Antolatzeko Planean erregulatuko dira.
Zuhaiztien kudeaketarako mendiaren iraupena hartuko da bakarrik kontuan, eta ez dute lehentasunik izanen izaera ekonomikoko arrazoiek zuhaiztiaren formula nagusia, egurra zenbat urterekin, nola eta non bota eta abar zehazterakoan.
Natur Erreserba osatzen duten kantonamenduak, kantonamendu taldeak edo zatiak kontuan hartuko dira basoaren gaineko Antolamendu Proiektuan, Antolamenduaren Berrikuspenean edo Kudeaketaren Plan Teknikoan, kontserbatzeko helburuarekin, beti ere. Dagokion Plan Berezian zehaztuko dira zuhaiztietan egin beharreko kasuan kasuko oihan jarduketak, aipatu irizpideekin bat etorriz.
Egur probetxamendurako eta abereak bazkatzeko baimenak eman ahalko dira, Natur Erreserba kontserbatzeko helburuak oztopatzen ez badira.
Debekaturik daude kirol jarduerak eta bereziki eskalada eta erreka-arroetako jaitsierak.
Irakaskuntzako jardueretan dauden sarbideetatik kanpoko aldeak saihestuko dira.
Habitatak zaindu eta kudeatzeko plana
Fauna eta flora aztertuko da eta landaredi eta erabilerak baloratuko dira Natura 2000 sarearen eta Nafarroako korridore biologikoen barnean sartzeari dagokionez.
Dauden ekosistemen egituren bilakaera eta funtzionamendua aztertuko dira, harkaitzetako hegazti babestuen zentsua eginen da eta Natur Erreserba honetaz ugatzak (Gypaëtus barbatus) egiten duen erabileraren jarraipena. Ikerketa jarduera guztiak espezie hori Nafarroan Ugaltzeko Plangintzaren barrenean eginen dira.
Erreserbaren kudeaketarekin loturiko aldian aldiko jarraipen eta azterketa hauek eginen dira:
-Bertako ekosistementzat bereziki interesgarria den florari buruzkoak.





